Beste urte batez Txomin auzoko festetan izango gera! Irailak 6 (ostirala), eta 7 (larunbata) betiko txokoan topatuko gaituzue, giro aparta izango degu: musika, jana eta edana, jokoak…
Aurtengoan kontua pixkat aldatu degu, azken urteetan erabilitako formatua alde batera utzita. Esfortzu haundia zen eta, faktore ezberdinak direla medio, errendimendu ekonomikoa baxua – nahi ala ez kontuan hartzekoa tamalez. Dena dela argi genuen bertan egon behar ginela, azken urte hauotan Txomineko auzoak eta, batez ere, auzotarrek irratiari eginiko harrera izugarria oso kuttuna degu, lekua, ibaia, auzoa urte gutxiren buruan guztiz aldatuko dela jakiteak… magia berezia du Txominek, Donostiako ekosistemako biotopo berezia izanda.
Afarimerienda irekia antolatu degu bi egunetan (OpenBBQ): barbakoa izango da bertan, zuen haragi eta berdurak ekarrita guztion artean eskeintzeko aukera izango da! Baina ez hori bakarrik! Ekarri zuen bizkotxo, patata tortila… ez dago besteen aurpegietan zure sorkuntza kulinarioen emaitza ikustea baino gauza zirraragarriagorik!
Tabernatxoa izango degu (OpenBar), baina ibai ondoan zure koktel maiteena dasta nahi badezu, ekarri ezazu, hau kalea da, auzoa, guztiona eta guztiena!
Eszenatokirik ez, baina musika eta musikariak bertan izango dira:
Ostiralean rock ereserkien bertsioak izango ditugu Tony & Thunders taldearen eskutik, eta ondoren Jah Inity Sound bere reggae eta dub doinuak lagun dituelarik. Hori gutxi balitz zuzeneko dub saioa izango degu ondoren, Jah Inity eta artista lagunekin. Gaua amaitzeko irratiko kideek beren gustoko abestiak eskeiniko dituzte.
Larunbatean berriz arratsaldetik lounge (OpenLounge) giroan izango gera. Barbakoa, musika lasaia, poesia, taberna… lagunartean eta ezezagunartean esperientziak eta ideiak elkartrukatzeko momentua, a zer “gutxirekin” a zer ondo, ordu batzuz ihes egin, ibaiaren jarioaren marmarra… chillax! Ondoren musika elektronikoa gozatzeko garaia TKNMDK, PUNTZAKA, XAXMA eta NDYren eskutik ordu txiki-txikiak arte.
Eta nola ez, musika-pelikula-dokumentalak! Urtero jende andana bildu duen emanaldia izan da, eta aurtengoan ere iluntzean musikarekin erlazionatutako pelikula/dokumentalak ikusteko aukera izango degu, bai ostiralean eta bai larunbatean, 22:00ak aldera.
Gerturatu eta ez zaizue damutuko! Gainera azken urtea izan liteke, esangura berezia dute aurtengo Txomineko festak!
Gora Txomin
Gora Txomindarrak
Gora Ttan Ttakun
Aupa Txomin!!! salbe dezagun!!!